|
Iratzarri gazte erakundeak abian jarri du bere kanpaina berria Hego Euskal Herri osorako, gazteon parte-hartzea indartzeko nahian. Azken ikerketa soziologikoetan argi geratu den bezala euskal gazteriak politikarekiko mesfidantza du. Iratzarriren ustez, betiko eskuineko politikak, korrupzioa, gazteon iritziak kontuan ez hartzea eta murriztuta dagoen demokrazia bat egoera honen erantzuleak dira.
Honen aurrean, Aralarreko gazte erreferenteko militanteek Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gazteen inplikazioa bultzatuko dute, desmobilizazioak ez duelako aldaketarik erakarriko. Euskal gazteria ezkertzalea eta Euskal Herriaren aldekoa dela diote inkestek, eta halako herri bat eraikitzea posiblea dela uste du Iratzarrik.
Horretarako Iratzarrik hurrengo hau proposatu nahi dio euskal gazteriari:
Antolatu! Edozein aldaketa eta proiektua gauzatzeko ezinbestekoa delako. Zure iritzia, zure kexak, zure aldarrikapenak... komunean jarrita indartsuagoak direlako. Denon bultzadarekin, denon artean.
Borrokatu! Zure etxe ondoan gertatzen ari den delitu ekologikoa, zure ikastetxean edo unibertsitatean elitizazio prozesua, zure lan baldintza prekarioak... ez dira geldituko inork ez badu ezer egiten. Eta zerbait egiten badugu?
Lortu! Sinestu ezazu. Antolakuntzak eta borrokak elkarrekin egonda ez dute mugarik. Zilegia den borrokak zure ilusioa, zure indarra eta zure ahotsa behar ditu lorpenak izateko.
Kanpainaren ardatzak
Kanpaina honetan Iratzarri gazte erakundeak ardatz batzuk landuko ditu:
Ekologismoa: AHTa, erraustegiak, superportuak, etengabeko autobideen eraiketa eta, orokorrean, ingurumen aurkako erasoak salatu nahi ditu Iratzarrik. Euskal Herri berde eta iraunkor baten aldekoen lekua da Iratzarri.
Langileen borroka: Gazteok sufritzen dugun lan prekarietatea salatzeko, eta prekarietate honek hil egiten duelako gogoratzeko. Langileon Euskal Herria eraiki nahi dugu.
Feminismoa: Benetako berdintasuna lortu ahal izateko, borroka feminista landuko du Iratzarrik. Genero opresioa ez birproduzitzeko eta apurtzeko nahian arituko gara.
Independentzia: Euskal Herriko gazteok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta Iratzarrik argi du zein den bere aukera: Independentzia!
Euskara: Gure hizkuntza defendatzeko, eta Euskal Herrian bizi diren gazteek ezagutzeko eta hitz egiteko duten eskubidea bermatzeko. Euskaltzaleon gunea da Iratzarri
Antifaxismoa: Azken urte honetan Euskal Herrian sufritu ditugun eraso faxistei erantzun zuzena emateko. Gazteria errebelde eta ezkertiarra izango du aurrean ultra-eskuinak. Ez dira pasako!
Les-gay-trans eskubideak: Sexualitatea eta generoa anitza da, eta horrelakoak gara gazteok. Gazteon artean homofobia eta transfobiarako inpunitate guneen aurka borrokatuko dugu.
Arrazakeriari ez! Euskal Herria Munduko herri bat da, munduari irekia. Hemen bizi dena, hemengoa da, eskubide guzti-guztiekin. Arrazakeria sozial eta instituzionalari aurre egingo diogu
Kanpaina hau zabalduko da lau herrialdeetan, gaurtik aurrera. Peperezko eta eduki elektronikoez gain, Iratzarrik prestatu ditu hainbat hitzaldi eta tailer herri ezberdinetan.
Martxoaren bukaeran, Gasteizen (Araba) hasiko gara gazteon arteko eztabaida batekin. Apirilean, berriz, Bilbon (Bizkaia) izango da. Maiatzean Donostian (Gipuzkoa) borroka guzti hauei buruzko hitzaldi prestatu du Iratzarrik, eta ekainean kanpainaren amaierako ekitaldia egingo du Iratzarrik Iruñean (Nafarroan). Beste herrietan egingo diren ekimenen berri emango dugu konfirmatzen diren heinean.
Kanpainaren edukiak:
Webgune berezia Iratzarri.org atarian, bideoa Youtube-n eta presentzia sare sozialetan. Kartelak: 5.000 Pegatinak: 30.000
|