Iratzarrik babesa adierazi nahi dio Kataluniako herriari, eta “Som una nació, nosaltres decidim” manifestazioa babestuko du Inprimatu
Wednesday, 07 July 2010 14:04

Iratzarriren ustez, egungo marko juridikoa gainditzeko herriek duten beharra erakutsi du berriz ere Espainiako Estatuak, bertan bizi diren nazioen borondate eta interesei entzungor egiten diela agerian utziz.

Konstituzio Auzitegiaren zilegitasun falta erabatekoa da Iratzarriren ustez, Kataluniako herriak era libre eta demokratikoan onartutakoa Gorteetan desitxuratu ondoren, beste iragazki bat pasarazi diolarik


Epaiak argi uzten du ezinezkoa dela Espainiaren menpean herrien garapen aske eta osoa, eta Estatuaren asimilazio estrategiari aurre egiteko bide bakarra independentzia dela berresten du. 

 

Elkartasun osoa erakutsi nahi dio Iratzarrik Kataluniako gizarteari eta gazte mugimenduei, eta datorren larunbatean egingo den manifestazioan egongo da, Euskal Herriko gazteriaren elkartasunaren parte moduan.

 

Iratzarrik deitoratu du Alternatibako gazteek Aralarreko gazteekin zuten alde biko harremana hautsi izana eta etorkizunean berreskuratuko denaren itxaropena azaldu du


Iratzarri Aralarreko gazte erreferenteak deitoratu du Alternatibako gazteek bi aldeek mantentzen zuten harremana hautsi izana, aldez aurretik abisurik eman gabe. Bi hilean behin bilera ofizialak egiten zituzten bi formazioek, eta uztailean ere beste bilera bat egitekoak ziren, Euskal Herriko ezkerreko bi gazte erakundeek beren iritziak azaldu eta kontrastatzeko helburuarekin. 

Iratzarriren ustez, Alternatibako gazteek, Gazte Abertzaleakekin eta Ikasle Abertzaleakekin batera, gaur plazaratu duten agiria ez da manifestazio deialdia babestera mugatzen. Aralarren kontra egiten du zuzen-zuzenean: “haserrea”, “ikuspegi eskasa”, “xelebreak”, “spaghetti westernetako gidoi bateko baliabide umoristikoak erabili izana”, “burla” eta antzeko terminoak erabili dituzte Aralarren kontra, mespretxuzko tonu oldarkorra erabiliz. Horren ondorioz, Alternatibako eta Aralarreko gazteen artean konfiantzan eta elkar errespetuan oinarritutako harremana izatea ezinezkoa da.

Iratzarrik 2007tik harreman estua dauka Alternatibako gazteekin, Ezker Batuko militanteak ziren garaitik, urte horretako udal eta foru hauteskundeetan Aralarrek eta EBk koalizioan aurkeztea erabaki zuenetik. Horregatik, Iratzarritik ez dugu ulertzen nolatan ahaztu zaien Alternatibako gazteei gurekin zuten hitzarmena, horrek gutxieneko leialtasun bat eskatzen duelako informazioa elkartrukatzeko orduan; izan ere, komunikabideetatik ezagutu behar izan ditugu Aralarren kontra egin dituzten akusazio larriak.

Alternatibako gazteek Iratzarriko eta GazteHerriako ordezkarien artean egindako bitartekari lanaren balorazio ona egiten du Iratzarrik. Era berean, gogora ekarri du Segiko eta Gazte Abertzaleakeko ordezkariek betoa ezarri ziotela Iratzarriri dinamika horretan parte hartzeko, Aralarreko gazteek edukietaz, idearioaz, egituraz eta helburuetaz eztabaidatu nahi zutela esan zutenean. Gazte dinamika horren sorrera-agirian giza eskubideen aipamen zuzena eta zehatza egiteko ahalegina egin zuen Iratzarrik, baina gainontzeko erakundeek ez zuten onartu. Jarrera sektario horien aurrean, Alternatiba funtsezko ardatza zen, interlokuzio patxadatsua izan eta, eta aniztasuna posible zen etorkizuneko testuinguru batean, ezkerreko gazte soberanisten esparruan interlokuzioa eta elkarlana posible egiteko.

Horregatik guztiagatik, agiriaren tonuak eta edukiak harrituta utzi ditu Aralarreko gazteak, eta Alternatiba Gazteak-ek bere lan integratzaileari bat-batean uko egin izana deitoratu du. Dena dela, Iratzarriren asmoa da Alternatiba alderdi politiko gisa sortzeko prozesuan eraginik ez izatea, eta uste du formazio horretako gazteen esku dagoela etorkizunean konfiantza esparruak berreskuratzea, oraingoz bertan behera geratu direlako.

Bestalde, Bartzelonan "Som una nació, nosltres decidim" leloarekin egingo den manifestazioan parte hartuko du Iratzarriko ordezkaritza batek, eta Kataluniako herriari eta gazteriari elkartasun eta babes mezua helaraziko dio.